Galderak

Opus Deiari buruzko Ohiko Galderak

Opus Deiri buruz

Zer da Opus Dei?

Opus Dei –Jainkoaren Egintza, latinez –, Eliza katolikoaren erakunde hierarkiko bat da, prelatutza pertsonal bat, helburutzat duena Elizaren zeregin ebanjelizatzailean laguntzea. Zehazki, hurrengo bi alderdiok jende orori zabaltzean saiatzen da: guztiok santutasunerako dugun deiaz eta ohiko lanak santutasun hori lortzeko duen balioaz. San Josemaría Escrivak sortu zuen Opus Dei 1928ko urriaren 2an.

Zer dira prelatutza pertsonalak?

Prelatutza pertsonalak, Kontzilio Vatikano II.ak eta Zuzenbide Kanonikoaren Kodeak aurrikusitako eliz-zirkunskripzioak dira, zertarako eta pastoralgintza propioko zereginak, malgutasun handiz, burutu egiteko. Prelatutza pertsonaletako kideek, beren bizilekua duten toki-eliza edo elizbarrutietan diraute.

Zein ezaugarri ditu, zehazki, Opus Dei prelatutza pertsonalak?

Opus Dei, nazioarte-eremuko prelatutza pertsonal bat da, hurrengoek osatua: Prelatu batek, berezko apaizek eta kide laikoek (gizonak eta emakumeak). Prelatutzako apaizak, lehenago kide laikoak izandakoak dira. Sekularrek eta apaizek lankidetzan dihardute organikoki, munduaren barruan santutasunaren ideala zabaldu eta, bereziki, lanaren santutasuna sustatzeko.

Opus Dei berdin zuzentzen al da gizon eta emakumeengana?

Gizonak eta emakumeak, Jainkoaren seme-alaben duintasun berekoak dira eta, era berean, santutasun gorenera daude deituak Bataioaren bidez. Prelatutzako emakumeak eta gizonak asmo eta apostolutza bertsuak sustatzen dituzte, lanbide duin guztietan ari izaten dira, lana eta familiako bizitza, era berean, santutzeko saiatzen dira. Gainera, Opus Deiko kideek, emakumeek eta gizonek, gobernu eta gaikuntzarako zeregin berdinak burutzen dituzte.

Zer da santutasuna?

Santu izatea, Jesukristoren antzerakoa izatea da, arlo guztietan: pentsamendu, sentimendu, hitz eta egintzatan. Santutasunaren ezaugarri gailena, karitatea da (Jainkoa maitatu gauza guztien gainetik eta lagun hurkoa norberaren burua bezala), bertute guztien oinarrian baitago: apaltasuna, justizia, lan-zaletasuna, kastitatea, obedientzia, alaitasuna... Bataiatu guztiak daude helmuga horretara deituak, Zeruan baino ezin bada ere iritsi, Jainkoaren laguntza izanik bizitza osoan zehar lanean jardunez gero.

Zer esan nahi du lana santutzeak?

Esan nahi du, Jesukristoren espirituaren arabera lan egitea, hots, ondo egitea lana, kalitatez, justiziaren arabera eta legeak errespetatuz, helburu izanik Jainkoa maitatzea eta lagun hurkoa zerbitzatzea. Horretara laguntzen da mundua barrutik santutzera eta Ebanjelioa jarduera guztietan, bai gailenak dirudienetan eta baita apalen eta ezkutuenetan ere, agertu egitera; izan ere, Jainkoaren aurrean ez baita garrantzitsua giza-arrakasta, lanean jarritako maitasuna baizik.

Zein apostolutza-mota egiten du Opus Deik?

Opus Deiko Prelatutzaren kideek egiten duten apostolutza nagusia, eurotako bakoitzak bere inguruan egindakoa da, talderik egin gabe, duten konpromiso kristauaren berezko adierazpen gisa. Apostolutzak aberastu egiten du adiskidetasunaren loturak: kristau on bat saiatzen da adiskide jator, benetako eta zintzoa izaten. Gainera, beren inguruko arazoen konponbidean lagundu eta beharrezkoenak sorosteko desioaren emaitza gisa, Opus Deiko kideek, beste pertsona askorekin batera, hezkuntza eta laguntzarako ekimenak sustatzen dituzte: eskolak, ospitaleak, lanbide-hezkuntzako zentroak, unibertsitateak... Era askotako erakundeak dira, sortu diren herrialde eta kulturaren berezko nortasunekoak.

Opus Deik ba al du berezko dotrinarik, politiko, sozial edo erlijiokorik?

Elizaren dotrina baino ez da, Opus Deirena; eta hori zabaltzea da beronen zeregina. Opus Deik berezko duena, zera da: Ebanjelioa, lana santutzearen bidez, inguru guztietara eramateko saiatzea. Opus Dein onartu eta indartu ere egiten dira askatasuna eta pluralismoa Elizak definitu gabeko arazo politiko, kultural, ekonomiko eta sozial guztietan.

Norengana zuzentzen da Opus Dei?

Nortzuk izan daitezke Opus Deiko kide?

Sinesle katoliko helduak, gizonak eta emakumeak, edozein kultura, naziotasun, gizarte zein ekonomia-mailatakoak, Jainkoagandik jaso izanik munduaren barruan Haren zerbitzariak izateko deia, askatasun osoz baietz erantzuten dutenak. Izan ere, Opus Deiko kide egitea beti da maitasunezko konpromisoa, goi-bokazioari erantzun eginaz. Gaur egun, 85.000 pertsonatik gora dira Opus Deiko kideak.

Pertsona ezkonduak izan daitezke Opus Deiko kide?

Prelatutzako kide gehienak ezkonduta daude eta Jesukristoren bidetik jarduteko saiatzen dira beren bizitzako ohiko inguruabarretan: etxe kanpoko eta barruko lanean, familiaz arduratzen, ezkontideen arteko maitasuna beti gazte mantentzen, Jainkoak eman diezaieken seme-alabak eskuzabaltasunez hartzen, arretaz hezituz eta, jarraibidez eta karitatez, euroi sinesmena transmititzen.

Ba al daude zelibatoa bizi duten Opus Deiko kiderik?

Apaizez gain, zenbait laiko ere –gizonak eta emakumeak– zelibatoan bizi dira, Jainkoaren dohaintza bezala eta apostolutzako arrazoiengatik. Horrek dedikazio handiagorako aukera ematen die gaikuntza zereginetan, ezertan ere aldatu gabe beren laiko-izaera, lanbide-egoera, Elizan eta gizartean duten lekua.

Nola egiten da Opus Deiko kide?

Prelatutzaren eta interesatuaren aldeko adierazpen formal baten bidez. Emandako hitzaren balioan eta Prelatutzako kide egiten denaren kristau zintzotasunean dago oinarritua eta bizitza osorako konpromisoa dakar: santu izateko biziro saiatzea, Opus Deiren espirituaren arabera. Beraz, batetik adin-nagusitasuna eta, bestetik, erabaki aske, haztatua eta heldua behar ditu. Eta, horrez gain, aurretiko argibide nahikoa eta gaikuntza-aldi egokia.

Zertan mamitzen da Opus Deiko kide egitearen aurretiko gertakuntza?

Normalean, Prelatutzan onartua izateko eskaera egin baino lehenago, gaikuntzako bitartekoetara (erretiroak, eskolak, arima-zuzendaritza) joaten ohi da denboraldi batean, Opus Dei sakonetik ezagutu ahal izateko. Baita, gomendatu egiten dira kideen bideak, hots, sakramentuen sarritasuna, otoitza, apostolutza eta, orokorki, bertuteak lortzeko ahalegin apal etenik gabea. Izan ere, horiek dira Prelatutzako kideak bizi izateko konpromisoa hartzen duten jardunbide kristauak.

Opus Deiko kide izan al daitezke apaiz sekularrak?

Elizbarruti batean jadanik sarturiko apaiz sekularrak ezin dira Prelatutzako kide izan, baina bai kidetu daitezke Gurutze Santuko Apaizen Elkartean, Prelatutzarekin bat dena. Hain zuzen, horretan kidetzean ez dute elizbarrutian aldatzen beren izaera: haren kleroko osoko kide eta Gotzaiaren pean jarraitzen dute, lehen bezala. Konpromisoa bai hartzen dute apaiz-lanaren jardunean santutasuna bilatzeko, Opus Deiren espirituaren arabera eta, bereziki, Gotzaiarekin eta gainerako apaizekin elkartasun betean bizi izateko saiatzen dira.

Kristau ez katolikoak edo kristauak ez direnak izan al daitezke Prelatutzako kide?

Kristau ez katolikoak eta beste erlijiotako pertsonak ezin dira Prelatutzako kide izan, baina Opus Deirekin lankidetzan jardun dezakete, hala nahi badute. Laguntzaileek, Opus Deiren alde otoitz egin eta lagundu egiten dute – beren lan eta limosnekin –, Prelatutzako kideek hezkuntzan eta asistentzian mundu zabalean sustaturiko zereginetan. Gaur egun, Opus Deiko laguntzaileen artean badaude kristau ortodoxoak, anglikanoak, luteranoak, eta baita ere juduak, musulmanak, budistak eta inolako erlijiorik gabeko pertsonak.

Opus Deik garatzen dituen jarduerak

Zein jarduera garatzen ditu Opus Deik?

Opus Deik, kide dituenei, munduan duten zeregina hobeto egiteko arreta pastorala eta heziera bideak ematen die. Baita, heziera bideak eskaintzen ditu sinismenaren betekizunetan hobeto jarduteko interesa dutenentzat. Prelatutzak eskolak, hitzaldiak, erretiro-egunak, arima-zuzendaritzarako bitartekoak e.a. antolatzen ditu, Ebanjelioa eta Elizaren irakaspenak ezagutzera emateko eta bizi izaten laguntzeko. Heziera bideak –bananduta gizonentzat eta emakumeentzat–, bertara doazenen betebehar familiako, lanbideko eta sozialeko ordutegi eta toki bateragarrietan antolatzen dira.

Opus Deik sustatzen al ditu gazteentzako jarduerak?

Opus Deiko Zentroek, gazte ikasle eta langileentzat hezierako jarduketak eskaintzen dituzte, hala nola dotrina katolikoaren eskolak, arimako zuzendaritza, kultur-topaketak eta solidaritateko egitasmoak. Gaikuntzako bitartekoetan gogorarazten da –besteak beste–, ikasketaren eta lanaren garrantzia, zertarako eta gizartea eta Eliza seriotasun osoz zerbitzatzeko, bakearen eta alaitasunaren ereile izateko eta mundu gizakiago, justuago eta kristauago egiteko.

Zein harremana du Opus Deik Elizako beste erakundeekin?

Opus Deiko prelatutza bera eta beronen kide bakoitza bereziki, batasun osoan bizi izateko saiatzen dira Aita Santuarekin, gotzainekin, apaizekin, erlijiosoekin eta eliza-errealitate guztiekin. Eta fundatzaileak beti gogorarazi zuen, batetik, Opus Dei Elizari zerbitzatzeko baino ez dagoela eta, bestetik, Prelatutzako kideek batasun-hazia izan behar dutela.

Opus Deiri buruzko informazio gehiago

Non lortu dezaket Opus Deiri buruzko informazio gehiago?

Prelatutzak, Romana izeneko aldizkari ofizial bat argitaratzen du, haren jarduerari buruzko agiri eta berri garrantzitsu guztiak biltzen dituena: datu gehiago dago www.romana.org orrian. Web orri horrek duenaz gain, informazio gehiago aukitu dezakezu orri hauetan: - San Josemariari buruz www.josemariaescriva.info orrian. - bere idazkiei buruz www.escrivaworks.org orrian. Opus Deik lan egiten duen herrialdeetan, Informazio Bulego bat ere badago, kazetari eta komunikazioaren profesionalen zerbitzurako. Bulego horietako posta elektronikoa lortu dezakezu web orri honetako “Press Office” sekzioan.

Nola jarri naiteke harremanetan Opus Deiko pertsona edo Zentroren batekin?

Argibide gehiago nahi izatekotan, bete formulario hau kontactua. Posta elektronikoaren bidez erantzungo dizugu.